Durangoko Azokak bere 50. urteurrena ospatuko du edizio honetan, eta, urtemuga berezi hau mugarri legez hartuta, Gerediaga elkarteak mende erdiko historia jasotzen duen "Durango 1965-2015" liburua kaleratu du. Jesus Mari Arruabarrena, Txelu Angoitia eta Joseba Sarrionandia dira egileak: lehenengoak Azokaren historia jasotzen duten lekukotzak jaso ditu; bigarrenak argazkien bidez Azokaren alde artistikoa erakutsiko digu; eta hirugarrenak, ostera, Azokari testuingurua jarri dio, kontaketa ausart eta pertsonal baten bidez.

Liburuan, beraz, orain arte ezagutu ez dugun Joseba Sarrionandia topatuko dugu: fikziotik urrun, errealitatean bustitzen dena, bere ikuspegia ematen duena, gordinean, lehenengo pertsonan, gertutasunean. Horretaz berba egiteko elkarrizketa egin dugu Joseba Sarrionandiagaz.

1. Liburua idazteko eskariak zer nolako sentsazio sortu zizun?

           Ba, pozgarria, akordatu direlako batzuk nitaz sorlekuan. Gero, azokaren beraren historia ez nukeen egingo, ez dudalako barrutik ezagutu, baina sasoi horren historia bai, hori denok bizi dugu barrutik. Eta nire kasuan, barrutik ez ezik, arduraz ere bizi dut testuingurua.

2. Liburuan aipatzen duzu Azoka bere bigarren edo hirugarren edizioan ezagutu zenuela, 7-8 urtegaz. Nola gogoratzen duzu hasierako urteetako lehenengo Azoka?

            Gauza arraroa zen. Euskara ‘mendiko hizkuntza’ zen sasoi hartan, gure aittitte-amamen mundukoa, eta bizimodu publikoan ez zitzaion lekurik uzten. Balio folklorikoa edo arkeologikoa baizik ez zitzaion uzten: asto-karrerak edo bertso saioren bat egiteko auzuneren bateko jaietan. Hirietan eta gauza modernoetarako, euskara debekatuta zegoen. Eta azoka gauza arraroa izan zen, euskarazko espazio hiritar eta modernoen leihoa zabaldu zuelako.

            Orduko autoritateek pentsatu zuten folklorearen eta arkeologiaren erakusleihoa izango zela, hiltzen ari zen hizkuntzarena. Baina, belaunaldi berria ez zen hil-elizkizunera joatearekin konformatu. Euskara berpiztu eta euskaraz bizi nahi izan zuten.

            Gauza oso arraroa izan zen gero, ez-bai horrekin hasi zelako Azoka. Legezkoa izan arren, debekuen mugan ibili zen urtetan.

3. Sekula imajinatu zenuen Andra Mariko arkupeko azoka horrek 50 urte bete, eta gaur egungo dimentsioa hartuko zuenik?

            Andra Mariko elizpean eta Merkatu plazan ezagutu nuen, 60ko hamarkadaren amaieran eta 70koan: 1979an azkenekoz. Oraintxe duen dimentsioa ere, nik imajinatu egin behar izaten dut.

4. Liburuan datu ugari bildu dituzu, nazioarteko eta Euskal Herriko gertakari ugari batuz. Nolakoa izan da dokumentazio-prozesua?

            Historia aldia neure bizitzarena da, 7 urtetatik aurrera. Orduan, gai ezezagunik ez dago, lana gehiago izan da arrazionalizaziozkoa. Zelan esplikatu gai hain konplexuak, aldaketa hain handiak: dokumentazio lana baino gehiago, sintesi lana izan da.

liburua5. Zaila egin zaizu horiek guztiak laburbiltzea, kontatu ezin diren istorioak utzi dituzu bidean?

            Oso zaila da munduan 50 urtetan gertatutakoa laburbiltzea. Objektibotasuna ezinezkoa da: aukeratu egin behar da zer kontatu eta nolabaiteko arbitrarietate bat nahitaezkoa da.

6. Liburu ausarta iruditu zaigu, gai batzuen gainean lehenengoz irakurri izan dizugulako halakorik…

            Pentsatzen dudan moduan idatzi dut, autozentsurarik gabe, eta gai eztabaidagarri asko azaltzen denez, ba baliteke baten batzuek beste iritzi batzuk izatea, edo nik beste iritzi batzuk nituela pentsatzea.  Ez ditut liburuak irakurleak ados etor daitezen idazten. Eztabaidagarria dela, saiakera bati egin dakiokeen laudoriorik printzipalena da.

7. Hamaika gertaera jaso dituzu liburuan, eta, zure ondorioetako bat, honakoa: "Gure gizaldiaren balantzea ezin da esan oso positiboa denik". Irakurketa baikorra egiten duenak... informazio guztia ez duelako da?

            Gai batzuetan, 50 urte hauek oso onuragarriak izan dira, eta, beste gai batzuetan, ez da batere aurreratu. Zentzu kritiko apur bat erabiltzen duenari, ezkorra esaten zaio. Telebistan irribarre tontoarekin huskeriak esaten agertzen dena ematen du batzuetan baikorra dela. Baina bueno, ezjakina eta irrespontsablea izatea ez da baikortasuntzat hartu behar.

8. Etorkizunaz hausnartzeko aukera ere izan duzu liburuan. Azoka ere, aurrera begira jarri da; zuk nola imajinatzen duzu 2065. urteko edizioa?

            Ja ja ja, ez didazu bertan egoteko aukerarik emango, urte pare batengatik! Auskalo libururik edo diskorik erabiliko den. Ordurako, igual, pospolo kaxa antzeko zer batean sartuko dituzte stand guztiak.

9. Aurten Durangoko Azokak irudi marka berria estreinatu du, DA! Batzuentzat Azoka euskal kulturaren topalekua DA, besteentzat diskoetxe edo argitaletxeen erakustokia DA, askorentzat parranda DA... zuretzat, Durangoko Azoka zer DA?

            Ez dakit, baina Durango bada zerbait liburuentzat eta diskoentzat. Erakusleihoa dela esan dut lehen, baina Durangaldeko zaharrek ‘leiho’ eta ‘bentana’ bereizten zituzten: leihoak txikiak, estuak, kristalgabeak ziren eta bentanak, berriz, handiak, zabalak, kristal eta guzti. Horrela, erakusleihoa ezik, Azoka ‘erakusbentana’ da aspalditik.

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT